Lana eta euskara elkarlanean
Arratia eta euskara eskutik helduta doaz. Bailararen ondarea da eta bere bueltan, komunitate bat sortzen da egunero; kalean, lagun artean, familian, eskolan eta enpresetan. Euskerak danok batzen gaitu. Arlo sozioekonomikoa eremu garrantzitsua da gure hizkuntzarentzat eta horregaitik sustatu beharrekoa.
2017an, helburu honekin, hau da, euskararen erabilera Arratiako enpresetan bultzatu, eusGara proiektua sortu zan. Beraz, esan daiteke, eusGara, Arratiako entitateen (enpresa, egoitza, merkatari,…) zerbitzua eta lana hobetzen laguntzeko proiektua izateaz gain, Zulaibargo ikasleak Arratiako enpresetan praktikak euskaraz egin ahal izateko proiektua dala.
Hizkuntza kudeaketa hobetu eta euskararen erabilera handitzeko zerbitzuak eta laguntzak eskaitzen ditugu, beti, entitate bakoitzaren helburu, ezaugarri eta erritmoetara egokituta eta entitateak berak aukeratutako arloetan.
eusGara proiektua, AHIZE, AEKko hizkuntza aholkularien, laguntzarekin daroagu aurrera eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailak eta Arratiako udalak babestutako proiektu bat da
Zerbitzuak
Urte hauetan laneko eremu askotara iristeko saiakera egin du eusGara zerbitzuak, eta denon artean komunitate bat sortzen ari gara. Euskara gehiago erabiltzea erabaki duten Arratiako entitateen komunitatea, hain zuzen.
Enpresa bakoitzak, bere baliabide eta aukeren araberako aurrerapausoak eman dituzte orain arte. Batzuek hobekuntza zehatzak egin dituzte eta enpresak proiektatzen duen irudian eragiten saiatu dira; hizkuntza paisaia euskaldunduz edo sare sozialetan euskararen erabilera adostuz esaterako. Beste batzuek berriz, eguneroko funtzionamenduan eragiteko saiakerak egin dituzte, langile berrien harrerak euskeraz eginez, ikasleen praktikaldiak euskaldunduz, enpresaren hizkuntza irizpideak adostuz edo lankideen artean euskara gehiago erabiltzeko dinamina eginez. Aldiz, aurrerapen handiena egin dutenen artean daude enpresako euskara planak dituztenak. Hauek, euskeraren eragbilera normalitzako lana estandarizatu eta sistematizatu dute.