29 Kideko eusGara Komunitatea osatu da
Erakunde parte hartzaileek euskara bultzatzeko doako tresnak jasoko dituzte
9 erakunde gehitu dira Eusgara ekimenera eta 29 kideko komunitatea osatu da euskara Arratiako enpresa sarean bultzatzeko. Eusgara komunitateak doako tresnak eskainiko dizkie erakundeei euskara gehiago erabili dezaten: itzulpen zerbitzua, hizkuntza aholkularitza, diru-laguntzen kudeaketa, edo trebakuntza saioak. Industria arloko enpresek ez ezik, zaintza zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeek bat egin dute ekimenarekin.
Iratxe Goikoetxea Errota Fundazioko koordinatzaileak hurrengokoa adierazi du Euskadi Irratiko erreportaje batean: “Ohituraz gaztelera erabili den erakunde edo enpresa horietan, bultzada txiki batekin euskarara bueltatzea lortzen ari gara”. 9 enpresa gehitu dira hitzarmenera Campus Zulaibarren egindako sinadura ekitaldian: Cementos Lemona, Arratia Egoitza, Piedade Ondo, Jandoniz, Alinar die casting, Arbisa, Wolco, Alfe Cutting eta Ekin eraiketak. Bertaratu dira Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia hainbat enpresatako ordezkariekin batera.
Sei urteko ibilbidea
Errota Fundazioak bultzatutako ekimenak sei urteko ibilbidea izan du. Aurten, inoiz baino kide gehiago izango du komunitateak, honexek dira 29 erakundeak: Behingoz, Lur 2000, Tresnak, Batz, Ilunbe, Zulaibar lanbide ikastegia, Industrias Galarza, Carrocerias Usansolo, Rotulos Usansolo, Arratia Egoitza, Piedade ondo, Jandoniz, Cementos Lemona, Alinar die casting, Autos Varela, Ormazabal, Arbegui, Comecaran, Ormaurre, Arbisa, Wolco, Alfe Cutting, Carrocerias Joseba, Zuloaga Motor, Zuhaitz Etxeak, Etxegana hotel & spa, Amorrortu ostatua, Gorbeialde eta Ekin eraiketak.